Goierriko Hitza: Goierriko Hitza Calvillo eta Elorza irabazle Arriarango mendi lasterketan

Gaur arratsaldean jokatu da Xabier Mendizabalen oroimenezko 10. mendi lasterketa Arriaranen. Antolatzaileen aurreikuspenak beteta, guztira 221 korrikalarik hartu dute parte bi lasterketetan. 7. Goierri Trail kopako laugarren proba izan da gaurkoa, Garingo, Ordiziako eta Urretxu-Zumarragako UZ Trail mendi lasterketen ondotik.

Lasterketa luzeko korrikalariak —23 kilometro eta 1.300 metroko desnibel metatua— 15:30ean atera dira Arriarandik eta ordu laurden beranduago egin dute motzekoak —11 kilometro eta 550 metroko desnibela—.

Sailkapenak:

11 kilometro emakumezkoak:

  • 1.- Irati Zubizarreta (Beasain); 0:55:39
  • 2.- Maider Unanue (Lazkao); 0:57:43
  • 3.- Ainhoa Intxausti (Segura); 0:59:26

11 kilometro gizonezkoak:

  • 1.- Eki Imaz (Agurain); 0:45:49
  • 2.- Axier Artola (Amezketa); 0:46:46
  • 3.- Aimar Larrea (Antzuola); 0:47:28

Lehendabiziko aldia zuen Imazek Arriaranen eta “oso gustura” aritu dela esan du lasterketa amaitu eta segituan. Indartsu atera dela baieztatu du arabarrak eta bere helburuen artean irabaztea ez zegoela aitortu arren, lehendabiziko postuan egin du lasterketa guztia.

Zubizarretak lasterketa “lehertuta” amaitu duela aitortu du, uste baino “gogorragoa” egin zaio azkenean, Arriarangoa. “Lasaiago ibiliko nintzela uste nuen, baina lasterketa guztian nahikoa estu ibili naiz”, azpimarratu du helmuga gurutzatu berritan.

23 kilometro emakumezkoak

  • 1.- Elena Calvillo (Beasain); 2:24:21
  • 2.- Maria Ezpeleta (Beasain); 2:26:56
  • 3.- Irantzu Txintxetru (Gasteiz); 2:31:55

23 kilometro gizonezkoak

  • 1.- Oier Elorza (Azkoitia); 1:50:54
  • 2.- Carlos Antonio Jimenez (Araia); 1:50:58
  • 3.- Josu Urrestarazu (Idiazabal); 1:51:35

Lasterketa “gogorra” izan da Elorza azkoitiarrarentzat, “ni karrera makalagoetara ohituta nago. Asko sufritu dut, baina gustura. Iaz baino denbora hobea egin dut eta horrekin geratuko naiz”, esan du. Urrestarazu idiazabaldarrak hirugarren amaitu du lasterketa luzea, haren atzetik sartu den Amets Aranberri zestoarrari eskertuta. Lasterketa guztia lehendabiziko hiru sailkatuek elkarrekin egin dutela kontatu du, “helmugarako bi kilometroren faltan Aranbarrik harrapatu nau, baina detaile ezin politagoa izan du nirekin, lasterketa guztian aurrean joan naizela eta, ez zuela nirekin lehiatuko esan dit. Podiumak egitea garesti dago eta horrelako keinuak asko eskertzen dira”.

Sentsazio onekin amaitu du bere aldetik Calvillok lasterketa, “espero nuena baino hobeto ibili naiz”, aitortu du. Pasa den astean nekatu xamar ibili zela eta lasterketan izena ematea kosta egin zitzaiola esan du. “Lasterketa luzetan ibilita moteldu egiten da erritmoa eta hau lasterketa azkarra egin zait”, adierazi du. Dena den, aurrerantzean lasterketa motzagoak probatu nahi dituela eta Arriarangoa horretarako aproposa dela uste du “Xabierren omenezkoa izanik, gainera, asko gogoratu naiz ibilbidean zehar harekin”. Maria Ezpeleta herrikidea bigarren helmugaratu da Arriaranen. Arriarango lasterketan parte hartzen duen bigarren aldia izan duen arren, lasterketa luzea probatu duen lehendabiziko urtea da hau. “Oso gustura aritu naiz, bide gehiago sufritzeko, baina baita disfrutatzeko ere”, esan du. Datorren astean jokatuko den Gabiriako Leharrei mendi lasterketan jarrita digu begiak orain.

Arriarango lasterketa amaituta, horrela daude Goierri Trail Kopako behin behineko sailkapen orokorrak.

Goierri Trail Kopa. Emakumeak Trail

  • 1.- Irati Zubizarreta (Beasain); 196 puntu.
  • 2.- Irantxu Txintxetru (Gasteiz); 192 puntu.
  • 3.- Maria Ezpeleta (Beasain); 188 puntu.

Goierri Trail Kopa. Gizonezkoak Trail

  • 1.- Aitor Dionisio (Zumarraga); 230 puntu.
  • 2.- Oier Elorza (Azkoitia); 192 puntu.
  • 3.- Carlos Antonio Jimenez (Araia); 182 puntu.

Goierri Trail Kopa. Emakumezkoak Sprint

  • 1.- Maider Unanue (Lazkao); 288 puntu
  • 2.- Iratu Zubizarreta (Beasain); 200 puntu
  • 3.- Ainhoa Intxausti (Segura); 184 puntu

Goierri Trail Kopa. Gizonezkoak Sprint

  • 1.- Beñat Ibañez (Zumarraga); 266 puntu
  • 2.- Eneko Moralez (Tolosa); 232 puntu
  • 3.- Iker Zabala (Beasain); 200 puntu